Profesional bila bazaude eskaladari buruzko ekitaldiak antolatzeko eta diseinatzeko, edo horrelakoetan elkarlanean aritzeko, jarri gurekin harremanetan. Esperientzia daukagu eskalada lehiaketetan (ekipatzen, arbitratzen…), ikastaroetan, planifikatutako entrenamenduetan eta rokodromoen mantentze-lanean eta kudeaketan, baita mendiari eta eskaladari buruzko jardueren plangintzan ere.
Esperientzia handiko eskalatzaileak gara. Sokalagun profesionalez lagunduta mendiaz gozatzeko aukera eskaintzen dugu. Eskalada- eta mendi-gidari gisa, jarduera gidatuak eta ikastaroak eskaintzen ditugu natura inguruneetan. Ikastaroek helburu dute eskalatzaile gisa eboluzionatzeko teknikak, taktikak eta ezagutzak irakastea, segurtasun bermerik handienarekin. Gidari profesionalek lagundutako abenturak nahiago badituzu, maila guztietara egokitutako jarduera gidatuak diseinatzen eta proposatzen ditugu hainbat ingurunetan. Horrez gain, mota guztietako zerbitzuak eskaintzen ditugu enpresentzat, entitateentzat, norbanakoentzat eta/edo taldeentzat.
Laguntza eta entrenamendu zerbitzu pertsonalizatua da. Eskaladarekin zein mendiarekin lotutako epe laburreko edo luzeko erronkaren bat egin nahi duten pertsonentzako zerbitzua da.
Zer eskaintzen du?
- Asteko entrenamendu-plangintza.
- Etengabeko eta mailakako prestakuntza.
- Aholkularitza eta laguntza pertsonala.
- Hilean behingo jarraipena.
- Harreman hurbila, pertsonala eta pertsonari egokitua.
Zenbat denbora?
Gutxienez 3 hilabeteko iraupena izango du. Tarte horretan, interesdunak hamabostean behin garatutako saioen plangintza jasoko du e-mail bidez. Horrez gain, hilean behin topaketa bat egingo dugu saioen aurrerapena bertatik bertara ikusi ahal izateko.
Zein da prezioa?
Zerbitzu pertsonalizatua denez, zerbitzua eta prezioa bakoitzak jasoko duen zerbitzuaren araberakoa izango da, eta zerbitzua hartzaile bakoitzaren errealitatera eta beharretara egokituta egongo da. Gainera, bazkideek gure formakuntza zein jarduera guztietan deskontuak jaso ahal izango dituzte.
Zergatik Sokalagunak?
Harremanetan eta esperientzietan oinarritutako ikaskuntza prozesuan sinesten dugu. Ametsak eta ilusioak egikaritzeko zerbitzu bat da, pertsona hobeak izateko. Entrenamendu klasikotik urrun, motibazioa elikatzearen aldeko apustua egiten dugu, oraina eta etorkizun hobea izango duen bideari ekiteko.
Urbasako Parke Naturalean gidatutako jarduera da. Urbasa mendian egun bat pasatzean datza proposamena. Orientazio ikastaro bat eskainiko dugu: iparrorratza, mapa, GPSa eta eremuaren interpretazioa. Horretarako, galtzagorri ospetsuak, euskal izaki mitologikoak, Urbasako pagadietan bilatzea izango da abentura. Hori baino lehen, pistak basoan ezkutatuko ditugu. Hala, orientazio-jarraibideei esker bilaketan aurrera egingo dugu pista-jolas interaktibo baten bidez. Pistak QR kode formatuan daude: mugikorrekin zabalduko ditugu eta hurrengo pistara eramango gaituzten bideoak ikusiko ditugu. Pistak baliatuz, Urbasako hainbat txoko ibili eta ezagutuko ditugu: kobazuloak, hagin paregabeak, simak… Ibilbidea aprobetxatuko dugu tokiko faunaz eta floraz aritzeko. Pistak jolasak dira, orientazioari eta kartografiari buruz ikasitakoak praktikan jartzeko jolasak. Pista horiek QR kodea duten bideoetan ikusiko ditugu, abenturaren haria daraman galtzagorri batek aurkeztuta. Orientazioaren munduan lehen aldiz murgildu nahi dutenei zuzendutako jarduera da, ingurune naturalean ezagutza oinarrizkoenak eskuratzeko. Askorentzat lehen kontaktua izango denez materialarekin eta ingurune naturalarekin, tratua eta esperientzia oso atseginak eta erosoak izango dira.
Jarduera hau eskaladaren munduan lehen aldiz murgildu nahi duten adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, ingurune naturalean eskaladaren ezagutza oinarrizkoenak eskuratzeko. Eskaladarekin lehen kontaktua izateko jarduera.
Jarduera hau eskaladaren munduan lehen aldiz murgildu nahi duten familiei zuzenduta dago. Egun batez naturan egoteaz gozatuko dugu, familia giroan eskaladaren ezagutza oinarrizkoenak eskuratzeko. Haur eta helduek eskaladarekin lehen kontaktua izateko jarduera.